2012(e)ko abenduaren 19(a), asteazkena

Arbi-loretik arbi-lorera

Sarri askotan berriketan gabiltzala konturen bat gutxitan egiten dugula adierazteko "noizean behin", "noizik behin", "lantzean behin" eta antzekorik erabiltzen dugu. Burura erdararen "Bazkotik Erramu egunera" ("De Pascuas a Ramos) etorriz gero, ondoko hau ahogozagarri dugu oso:  

Arbi-loretik arbi-lorera

Izan ere, arbi-lorea bakan-bakanetan egoten da loretan. Esapidearen ederra!!


 



2012(e)ko abenduaren 17(a), astelehena

Drogosoa

Ez, ez... ez da zuek uste duzuena. Gaur hizpide izan dugu zein berba erabiltzen dugun pertsona oso "mugitua" dela adierazteko.  Denetariko hitzak plazaratu ditugu: "mugitua", "bihurria", "ipurterrea", "mobidoa", "zazpikia", "drogosoa".... Bai "drogoso" berba Bizkai aldean erabili ohi da pertsona horrelakoa denean. Labayru Hiztegira jo eta hona hemen emaitza:
Movido-a
eragin, parobako/parogabe, paramenbako/paramengabe, mobidu/mugitu, bihurri (travieso), ipurtarin, gerakatx/gerakaitz, drogoso (follonero), gogor (duro).
       Es un niño muy movido, no para en todo el día: Hau umeau sano da eragina, egun osoa lotu barik emoten dau.
       He tenido un día muy movido: Egun gogorra euki dot.

2012(e)ko abenduaren 13(a), osteguna

Aiko-maiko


80ko hamarkadan Hertzainak taldearen Eh Txo! kanta entzunez ikasi nuen AIKO-MAIKO esapidea. Orduan uste izan nuen zabaldu samarturik egongo zela, baina ez, usteak erdi ustel! Banaketan entzun eta irakurri izan dut orduz geroztik. Gehientsuenetan "zalantzan nago" edo "zalantzatan nago" entzuten dut. Beste zenbaitetan "dudan", ""dudatan" edo jasoago "ezbaian". Hona hemen Elhuyar Hiztegitik erauzitako adibide batzuk:



   Ez da aiko-maikoetan ibiltzeko unea: no es momento para estar indeciso.

 Afaltzera gonbidatu zituen, baina denak aiko-maikoetan hasi ziren: les invitó a cenar, pero todos pusieron pretextos (para no ir)

2012(e)ko abenduaren 12(a), asteazkena

Agin



Hamalau urte agin da, ni hor bizi izan nintzela. Zer ote da delako agin hori? Honela ere esan genezake:

"Badira hamalau urte, ni hor bizi izan nintzela" edo "Duela hamalau urte ni hor bizi izan nintzen".

Iturria: Elhuyar Hiztegia.

2012(e)ko abenduaren 3(a), astelehena

Agergarria


Gaur Euskararen Nazioarteko Eguna denez gero, egokia izan litekeen esapidea botatzen dizuet:
Hizkuntza maite duenaren agergarririk onena, erabiltzea da, hau da, hizkuntza maite duenaren frogarik onena, erabiltzea da.

Ez uka, ez lotsa, euskaraz mintza!!
 

2012(e)ko abenduaren 2(a), igandea

Akerraren adarra baino gogorragoa da hori!




Ezagun da akerraren adarra gogor baino gogorragoa dena, harria baino gogorragoa omen da. Hori dela-eta. gauza edo gizabanakoa ezin gogorragoa dela adierazteko esamolde hori erabilgarri dugu oso: Akerraren adarra baino gogorragoa da hori. 
Bestalde, begi bistakoa da, akerraren adarra oso bihurri eta okerra dena. Beraz, pertsona batzuek tolesdura ugari dituztela edo batere garbiak ez direla  aditzera emateko honela ere esan genezake: Badira batzuk akerraren adarrak baino okerragoak direnak.

2012(e)ko abenduaren 1(a), larunbata

Leloa akabobakoa!


Horixe erabiltzen dute Abadiño aldean guztiz leloa den lagun bati buruz berba egitean:
"Lelue akabobakue da ori, bera dala dana pentzetan dau, da esebe ixen es".

Non jasoa: "Abadiño Lexikoaz". Gaminde I., Salterain M.
Free counter and web stats